XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zaratazko kutsadura Gaztetxean egiten diren kontzertuek ateratzen duten zarataz Ferixalekuko auzokideek protesta egiten dute....

Gure zibilizazio aurreratu eta industrializatuaren ezaugarri nagusia, hau da: zibilizazio zaratatsua izatea.

Zarata etxean, kalean, lantegian, tabernetan...... zaratak dena inguratzen du.

Musikak animalia basatiak mantsotzen dituela diote, baina gaur egun zaratatsua eta estridentea da hau ere.

Eta zarata, irakurle lagun, eguratsaren edo ingurugiroaren kontaminante bat da, bestea bezain arriskutsua edo arrisku handiagokoa gainera.

Pertsona asko daude entzumena gortu edo gortu samartuta dutenak lantegiko zarataren ondorioz.

Baina ez da entzumena bakarrik hondatzen zaiguna, zaratak stressa, urduritasuna, suminkortasuna, logabetasuna espasmurako joera... ekartzen digu gainera.

Guzti honek, hitz gutxitan esanda, nerbio-sistema zentralaren eta periferikoaren hipersentsibilitatea dakar gainera.

Azken urte hauetan egindako ikerketetan agertzen denez, badaude zaratarekiko sentsibilitate berezia duten pertsonak.

Hauek zarataren aurrean biolentziaz erreakzionatzen dute, beste organismo batzuek alerjia eta erreakzio alerjikoak izateko joera duten bezala.

Denongan zaratak eragin handia badu ere, hauengan are gehiago, batez ere gaueko zaratak, egun guztian zehar beste hotsak jasan ondoren; nerbio-sistema pixkanaka ahuldu egiten bait da.

Ibai garbiak, aire osasuntsuak eskatu eta exijitzen ditugu... zergatik ez dugu zarata gutxixeago ere eskatzen?.

Ez dugu ixiltasuna eskatzen, hori ezinezkoa bait da; bakarrik zarata gutxiago.

Agian, hemendik urte batzuetara, naturaren ondasunak (ur gardenak, aire kutsatu gabekoa, ixiltasuna...) gaur egun preziatzen ez ditugunak, berriro ere estima ezinezko ondasunak bilakatzea gertatuko da. Eukeni Olabarrieta / Arantxa Lizaso.